XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zain egon nintzen luzaz, hotsik entzungo.

Tintik ez.

Han egona izango zen mamiñun Agatha.

Nire zulotik gertu behar zuten egon zure borreroek hainbat segadetan harrapatutako musde Bertholet, musde Bixintxo, musde Arnoldok...

Leotzetara botatzen zenituzten guztiak, eta ez genuen luzaz haien inolako berririk izaten.

Ahapeko marmarioak hazi eta puzten ziren Erret-hiriko tabernazulo eta kalekantoietan -Guztiz galdu du burua musde Bixintxok!; besoak kraskatu dizkiote musde Arnoldori!

- Premua jaio bezperetan, mamiñun Agatharen heriotzaren berria zabaldu zen Erret-hirian.

Senidea nuen neska, eta, haren gurasoek hala eskatuta, mamiñun Agatharen berri jakitera hurbildu nintzen goiz batez zure leotzetako ate nagusira.

Atearen goardiako soldaduari galdetu nion ea zer egin nezakeen mamiñun Agatharen berririk jakiteko.

- Gorpurik jasotzen ez baduzue, bizirik da.

Ezin diat besterik esan -erantzun zidan goardia-gizonak.

Galdetu nion beste mota bateko argibideren bat ezin ote nuen lortu.

Soldaduak eraman txarreko keinua egin zidan eskuaz:

- Aire, aire hemendik!

Baronetak bakarrik ikus ditzake presoak.

Baronetak, eta egunean behin eltzekaia jaisten dien borrero gormutuak -agindu zidan soldaduak, bularra hanpatu eta bultzaka hasiko zitzaidala imintzio eginez.

Saiatu nintzen batera eta bestera, arte-maisuak ere egin zuen ahaleginen bat niri laguntze aldera, baina ez nuen inolako argibiderik lortu.

Ez genuen mamiñun Agathari buruzko inolako albisterik.

Torturen handia izkutatu nahiari egotzi zioten senideek isiltasun hura.

Artean ez zinen legnum confesionis beldurgarriaren jabe.